2018ko urriak 29

Kataluniako La Seu Durgelleko Udaletxeak urtero antolatzen duen Sant Ermengol Azokaren baitan, Pirineo Kataluniarreko esneki/gazta ekoizleek “Fira dels Formatges artisans del Pirineu” izeneko azokan dute beraien agertokia.

Aurtengo edizioan Leartikerrek INNOLACT INTERREG POCTEFA proiektua aurkezteko aukera izan du azokaren baitan esneki produktuen merkaturatzeari buruz antolatutako jardunaldi teknikoan.

Gainera, Innolact proiektuaren lan ildo estrategikoetako bat esneki produktuen merkaturatzea eta posizionamendua hobetzea da, eta horregatik jardunaldi teknikoan gai honen inguruan antolatu zen mahai-inguruan ere parte hartu zuen Leartikerrek.

Horrez gain, azokan INNOLACT proiektuaren baitan esneki produktuen dibertsifikazio eta berrikuntza lan ildoan garatutako esneki produktu desberdinak aurkeztu ziren, eta dastaketa saio bat ere antolatu zen produktuak probatzeko aukera emateko. Aurkeztutako produktuak hurrengoak izan ziren: behi esnearekin ekoizturiko Grana motako gazta, behi esnearekin egindako igurzteko gazta laktikoa, ardi esnearekin egindako gazta urdina eta ardi esnearekin egindako mozzarella motako gazta. Produktu guztiek oso harrera ona izan zuten bertan bildu diren dastatzaileen aldetik.

Halaber, Innolact proiektuan parte hartu duten 3 gaztagile katalanek proiektuan zehar jaso duten ezagutzari esker garatu dituzten gaztak dastatzeko aukera ere egon zen azokan. Mas Deroles gaztandegikoek Torta del Casar motako gazta bat aurkeztu zuten, La Balda-koek pasta egosiko behi gazta bat, eta Casa Mateu-koek ardi esnearekin egindako pasta egosiko gazta.

 

2018-10-30T10:56:39+00:00