INNOLACT[1] proiektu europarra emaitza onekin bukatu da. Herrialde mugakideen (Espainia-Frantzia-Andorra) elkarlanean oinarritu den proiektu honek esnekien sektore tradizionalari bultzada eman nahi izan dio berrikuntzaz baliatuz. INNOLACT proiektua INTERREG-POCTEFA Programaren baitan kokatu da eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsarekin batera finantzatuta egon da.

Proiektua 3 urteetan zehar garatu da, eta hiru herrialde mugakideetako 222 ekoizlek parte hartu dute. Hiru lan ildo nagusi jarraitu dituzte: kalitatezko esnearen lorpena, animaliaren maneiu eta esnearen ekoizpen egokia eginez; transformazioa bultzatzea, eta ekoizleei produktu berriak nola garatu helaraztea; eta merkaturatzea (formakuntza ekintzen eta zenbait azoken bitartez esneki produktu artisauak ahalik eta hobekien posizionatzen saiatu dira). Lan ildo horien eremuan berrikuntzak egiteko xedearekin esneki-sektoreko ekoizleentzako, beraien lanean lagungarri izan daitezkeen, hainbat material eta baliabide sortu dituzte: gidaliburuak, tresna digital bat, txostenak, fitxak, esneki-produktu berrien garapena, eta abar. Hona hemen guztiak:

 

MATERIALA ETA BALIABIDEAK

  • Animalien maneiu eta esnearen ekoizpenaren inguruko gidaliburua. Escola Agraria del Pirineuk zuzendu du HAZI Fundazioarekin elkarlanean, gazten finketa hobetzea lortzeko helburuarekin.
  • CalcPEF Dairy tresnaren garapena. Centro Tecnológico BETA (UVIC-UCC). Ekoizleei beraien lantokiko ingurumen-portaeraren datuak, kostuen analisiak eta prozesuaren etengabeko hobekuntzak egitea ahalbidetuko dien programa bat da.
  • Esneki-produktu berritzaileen garapena. Leartiker S.Coop. eta Lycée Jean Errecart. Ekoizle txikiei produktu berritzaileak nola garatu eta haien ekoizpenari buruzko ezagutzak helarazteko fitxa batzuk sortu dituzte.
  • Gazten afinazioaren inguruko txostena. Lycée Jean Errecart. Afinazio lanaren inguruan higiene kontuak eta produktuaren maneiuari buruzko ezagutzak zabaltzeko, osasun-arazoak ekiditeko xedearekin.
  • Gazurarekin egindako esneki-produktuak. Lycée Jean Errecart. Gazuraz baliatuz esneki-produktu berriak egiteko aukera aurkeztu, ingurumenaren eta ekonomiaren jasangarritasuna bultzatuz.
  • Gaztandegietako kontsumo energetikoaren optimizaziorako gomendioak. Centro Tecnológico BETA (UVIC-UCC). Energia hobekuntzari buruzko proposamenen zerrenda bat egin da neurrira lantoki bakoitzarentzat.
  • Proiektuan zehar antolatu diren gazta-azoken inguruko aurkezpena: Euskal Gazta Azoka. Idiazabalgo udala; Fira de Formatges. Ajuntament de La Seu Durgell; Faire Oloron Sainte-Marie. UPF 64; eta Feria IDOKI, Ezpelette. EHEEE-APFPB.

 

HORIEN GUZTIEN DOKUMENTU ETA FITXAK WEB ORRIALDE HONETAN DAUDE ESKURAGARRI, “ARGITALPENAK ETA DESKARGAK” ATALEAN.

 

Ondorioak: Eta orain zer?

Naia Andonegik, Leartiker Elikagaien Teknologia arloko eta Innolact proiektuko zuzendariak, lortutako emaitzekin oso gustura daudela azpimarratu du, eta beraien desira ekoizleen bidelagun izatea dela argi utzi nahi izan du. Edozein kontsulta edo laguntza behar duten ekoizleek eurengana jotzeko gonbitea luzatuz.

Proiektu honetatik lortu diren harremanekin ezin pozago agertu dira Innolact proiektua osatu duten kideek eta lankidetza horren ondorioz, bazkideetako zazpik lankidetza akordio berri bat sinatu dute 2022ra arte. Honi esker, bazkideek beraien interesekoak diren gaien inguruan antolatzen dituen ekintzetan parte hartzeko eta ekoizle artisauen foroak bultzatzeko konpromisoa hartu dute.

 

____________________________________________

[1] Proiektua Eskualde Garapenerako Europako Funtsarekin batera %65ean finantzatuta dago, Interreg V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) Programaren bitartez. POCTEFAren helburua Espainia-Frantzia-Andorra herrialde mugakideen integrazioa ekonomikoa eta soziala indartzea da. Lurralde garapen jasangarri baten alde egiten duten estrategia bateratuen bitartez, mugaz haraindiko jarduera ekonomiko, sozial eta ingurumenarekin lotutakoak garatzeko laguntza ematen du.
2019-07-09T14:45:48+00:00