Innolact 2017-06-23T12:50:56+00:00

Proiektua

INNOLACT Interreg POCTEFA Programaren baitan kokatzen den proiektu europar bat da eta Eskualde Garapenerako Europako Funtsarekin (EGEF) batera finantzatuta dago. 3 urteko iraupena izango duen proiektu honen helburua mugaz gaindiko esneki sektore tradizionalaren berrikuntza eta lehiakortasuna dinamizatu eta sustatzea da. Espainia eta Frantzia mugaldeko eragileen elkarlanaren bitartez, bi helburu lortu nahi dira: esneki sektorea osatzen duten pertsonak prestatu eta trebatzea, alde batetik; eta bestetik, sektorearen behar eta gaitasunei propio egokitutako eta merkaturatzeko prest dauden produktu eta irtenbide berritzaileak garatzea.

Proiektu hau zehazki esneki sektore tradizionalari bideratuta dago, izan ere, sektore honek beste jarduera ekonomiko batzuekin alderatuta ahulgune nabarmen bat daukalako: duela gutxi liberalizatutako sektore bat da eta horregatik lehiakorragoa izatera iristeko berrikuntzan murgiltzeko beharra sorrarazi dio. Industria handiek beraien posizio menderatzaileetatik sektoreko aldaketei aurre egiteko prest dauden bitartean, ekoizle txikiek ez daukate esneki merkatuaren egoera berriak eskaintzen dizkien aukerak aprobetxatzeko baliabide tekniko eta ekonomiko nahikorik edota beharrezkorik.

INNOLACT behar horiei erantzuten saiatzeko diseinatutako proiektu bat da. Produktu eta prozesuetan berrikuntza erabiliz esneki sektore tradizionalaren dibertsifikazioa sustatzeko asmoz sortutako ekimen honek gainera, esneki sektoreko enpresa tradizionalek merkatuan daukaten lehiakortasuna hobetzen lagunduko die, balio erantsi bat emango dielarik.

Helburuak

INNOLACT proiektuak hainbat helburu orokor dauzka. Alde batetik, ezinbestekoa da zentro teknologikoen eta esneki sektore tradizionaleko enpresa txikien arteko elkarlana sustatzea, betiere ekoizpen ehunaren gaitasunetara egokitutako eta emaitzetara bideratutako eskari planteamendu batetik abiatuta. Helburu hau lortzeko esneki sektore tradizionaleko enpresa txikiek produktu berriak lortzeko berrikuntza eta dibertsifikazioa sustatzea ezinbestekoa izango da, horrek enpresa hauen lehiakortasuna hobetezen lagunduko duelarik.

Elkarlana proiektu honen ardatzeko bat da. Zehazki, zentro teknologikoen eta ikerketa zentroen mugaz gaindiko elkarlana izango da bete beharreko helburuetako bat, hauen eta enpresen arteko ezagutza transferentzia errazteko. Gainera, elkarlanerako bideak irekitzeko asmoz sektore honetako enpresen arteko harremanak areagotu nahi dira, horrela, enpresek produktuen merkaturatzean elkarri lagundu eta esneki produktu tradizionalek merkatuan daukaten posizionamendua sustatuko dute.

Ingurumenak ere paper garrantzitsua izango du INNOLACTen. Garapen eta hazkunde jasangarria lortzeko gakoetako bat sektorearen gaitasun profesionalak indartzea izango da, ingurumen alderdiei eta berrikuntzari (bere esanahi zabalenean) garrantzi berezia eskainiz.

Produktu berrien berrikuntza eta merkaturatzea

Proiektuak mugaz gaindiko esneki sektore tradizionalaren berrikuntza sustatu nahi du, erraz transferitu daitekeen eta ikuspuntu tekniko eta ekonomikotik onargarria den esneki produktu sorta berri bat garatuz. Horrela, gutxienez 50 ekoizle/eraldatzailek beraien jarduera dibertsifikatzea lortu nahi da.

Ezagutza transferentzia eta esneki sektore tradizionalaren trebakuntza

INNOLACT proiektuak iraungo duen 3 urteetan zehar esneki ekoizle tradizionalei bideratutako mintegi eta prestakuntza jarduera ezberdinak egingo dira, hurrengo gaiekin lotura izango dutenak:

  • Esnearen erabilera eta ekoizpen jasangarria
  • Esneki produktuen eraldaketa teknologiak
  • Esneki produktu berrien elaborazioaren inguruko transferentzia teknologikoa
  • Esneki produktuak merkaturatzeko trebakuntza
  • Esne-gazuraren errebalorizazio teknikak
  • Ekoizpen eta garapen jasangarriaren garrantzia ekoizpen zentroetan

Mugaz gaindiko elkarlana

Proiektuaren ekintza guztiak proiektuko bazkide ezberdinekin elkarlanean egingo dira (zentro teknologikoak, unibertsitateak, esneki sektore tradizionaleko eragileak) eta elkarlan horren onuradun nagusiak Euskadi, Katalunia eta Frantziako esneki ekoizle artisauak izango dira.

Mugaz gaindiko esneki ekoizle elkarte bat sortu nahi da, mugaren bi aldeetako eragileen arteko elkarlan ekintzak errazteko eta INNOLACTek iraungo duen 3 urteak pasatakoan proiektuari jarraipena emateko.

Ekoizpen eta hazkunde jasangarria

Proiektuan zehar ingurumen eta ekonomia jasangarritasun tresna bat garatuko da, esneki sektore artisauko edozein ekoizlek bere ekoizpen unitateetan arazoak identifikatatzeko eta ingurumen jasangarritasuna sustatzeko neurriak hartu ahal izateko balioko duena. Horrela, uraren, energiaren eta abarren kontsumoan eraginkortasuna hobetzeko ahalmena izango dute.

Proiektuko bazkideak

LEARTIKER

LEARTIKER Lea-Artibai Berrikuntza Gunean (Markina-Xemein, Bizkaia) kokatutako Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza zentro bat da, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) partaide dena.

Goi mailako prestakuntza duen ikertzaile talde batek osatzen du LEARTIKER, Polimeroen Teknologian espezialitatuko ikerketa, garapen teknologiko eta berrikuntza alorretan lan egiten dutenak. Lea Artibai Ikastetxea S.Coop eta MONDRAGON Korporazioa proiektuetan ere parte hartzen dute.

Leartiker material polimeriko berrietan eta hauekin zerikusia daukaten prozesu aurreratuetan espezializatuta dago. Produktuen diseinu eta garapen, karakterizazio mekaniko aurreratu eta simulazio zerbitzuak eskaintzen ditu. Horretarako, teknologia alorrean punta-puntakoak diren azpiegiturak dauzka, esaterako nahaste eta eransketa termoplastikoak egiteko ekipamendua daukan Compundig planta pilotu bat eta hainbat laborategi espezializatu: materialen karakterizazio eta mekanika aurreratukoa, eta kautxu nahasketa eta metrologiakoa.

HAZI (Landa, itsasertz eta elikagaien sustapena)

Hazi nekazaritzako elikagaien eta arrantzaren sektoreei lotutako fundazio publiko bat da, bere helburuak landa eta itsasertz eremuen garapen jasangarria, sektoreko langileen profesionalizazioa eta produktuen kalitatea sustatzea direlarik. Bere jarduera eremuaren baitan, lehen sektorea, landa eta itsasertz eremuak eta elikagaien industria barne hartzen dituena, Hazik kalitatezko zerbitzu intergrala eskaintzen du. Horretarako erakunde publikoekin elkarlanean hainbat proiektu gauzatzen ditu gai tekniko, ekonomiko eta kudeaketarekin lotutakoetan, produktu eta ekoizpen prozesuei balio erantsia eman, ekoizpen jasangarria bermatu eta politika europarren testuinguruan garapena sustatzeko helburuarekin.

IDIAZABALGO UDALA

Tradizionalki gaztarekin oso lotuta egon den herri honetan udalak lehen sektorearen eta gaztaren inguruan egituratu du bere tokiko nekazaritza garapenerako estrategia, udalerriko eragile sozioekonomiko ezberdinak batzeko ahalegin bat egin eta etorkizunerako hazkunde planteamendu bat bideratzen hasteko. Gainera, esperientzia handia dauka esneki sektorearekin lotutako proiektu estrategikoen diseinu eta abiaraztean.

Udalak Europako Gazta Ibilbidearen Elkartearen sorrera sustatu zuen, orain berak gidatzen duen eta Idiazabalen egoitza duen elkartea delarik.

VIC UNIBERTSITATEA

BETA Zentro Teknologikoa UVic-Kataluniako Unibertsitate Zentraleko Biodibertsitate, Ekologia eta Teknologia eta Ingurumen eta Elikadura Kudeaketarako Zentro Teknologikoa da. Bere helburua enpresen lehiakortasun eta garapen teknologikoa hobetzen laguntzea da, horretarako autonomia, estatu zein izera europarra daukaten I+G+i proiektuak gauzatu eta elikaduraren industria eta ingurumen alorretan teknologia berritzaile, lehiakor eta jasangarriaren transferentziak burutzen dituelarik.

BETA Zentro Teknologikoa TECNIOren parte da, Katalunian teknologia diferentziala, enpresa berrikuntza eta bikaintasuna sustatzen dituen sarea, ikerketan eta ezagutzaren transferentzian adituak diren zentro teknologikoak eta unibertsitate-taldeak identifikatzen dituelarik.

Zentroaren eskaintza teknologikoak hainbat alor dauzka: teknologia eta ingurumen kudeaketa, uretako eta lehorreko ekologia, nekazaritza elikagaien industria eta teknologia eta energia berriztagarriak.

ESCOLA AGRÀRIA DEL PIRINEU

Escola Agrària del Pirineu Generalitat de Catalunya-ren Nekazaritza, Abeltzaintza, Arrantza eta Elikadura sailaren baitako erakunde bat da. Esperientzia handia dauka hainbat alorretan oinarrizko lanbide heziketa eskeintzen: nekazaritza, elikadura, landa garapena eta NPB (Nekazaritza Politika Bateratua), trebakuntza eta berrikuntza, ingurune naturala, nautika eta urpekaritza, arrantza, akuikultura eta abeltzantza…

Bere helburua sektorean sartzen diren zein bertan lan egiten duten baina beraien ezagutzak handitu nahi dituzten pertsonen gaitasun profesionalak hobetzea da.

Halaber, Escolak nekazaritza elikagaien sektorean berrikuntza eta transferentzia teknologikoaren alde lan egiten du, beharrak antzeman eta formazio espezifikoa eskeiniz eta burutzen dituen jardueren segimendua eginez.

AJUNTAMENT DE LA SEU DURGELL

Udalerri honetako udalak eskarmentu handia dauka lehen sektorearekin lotutako azoka eta ekitaldiak antolatzen, bereziki gazta produktuekin lotura daukatenak. Zentzu horretan aipagarria da Sant Ermengol Azoka, penitsulako zaharrenetakoa eta bere baitan Pirinioko Gazta Artisauen Azoka hartzen duena. Bertan arku piriniotar osoko gaztagin artisauak batzen dira urtero (Kataluniako, Aragoiko, Nafarroako, Euskadiko eta Frantziako pirinioak).

Gainera gaztaren ekoizpen artisauari eskeinitako Ermengol Espazioa ere udalerri honetan dago, Kataluniako jatorri deitura daukan gazta bakarra (Urgèlia) ekoizten duen lantegiarekin batera.

Halaber, udalak Europako Gazta Ibilbidearen Elkartearen sorrera sustatu zuen, orain Idiazabalgo udalarekin batera osatzen duen elkartea delarik.

ASSOCIATION DES PRODUCTEURS FERMIERS DU PAYS BASQUE (APFPB)

Nekazari txikien elkarte honek produktuen etxeko eta tokiko ekoizpenari balioa eman eta jendeari hurbildu nahi dio. Helburu hau lortzeko hainbat alorretan lan egiten dute; tokiko ekoizpena eraldatzeko laguntzen, ekoizle txikiei komunikazio eta marketing gaietan aholkularitza ematen eta kalitatea bermatzeko jardueren segimendu bat egiten besteak beste.

Nahiz eta mota guztietako produktuekin lan egiten duten (ardoa, haragia, eztia, laboreak..) esneki sektorean ere badaukate esperientzia. Elkarteak 160 gazta ekoizle batzen ditu eta gaiaren inguruko formazio eskaintza zabala dauka. Gainera, merkatu ikerketak egiteko baliabideak dauzkate eta esneki sektore artisauarekin lotutako azoka eta ekitaldiak antolatzeko gaitasun frogatua.

LYCÉE JEAN ERRECART

Lycée Jean Errecart-eko PFT AMIKUZE A3 plataforma teknologikoa esneki sektoreko enpresentzako aholkularitzan espezializatuta dago.

Plataformak zerbitzu eskaintza zabala dauka bere bezeroentzat (nekazariak, artisauak eta enpresa industrialak) alor ezberdinetan, esaterako nekazaritza elikagaietan edo abeltzaintzako ustiategien kudeaketan.

Gainera, PTF labela dauka eta esneki produktuetan adituek lan egiten dute bertan. Plataformaren zerbitzuen baitan ikerketa eta garapen jarduerak, formazioa eta elikadura produktuen kalitatearen hobekuntza bermatuta daude.

UNION DES PRODUCTEURS FERMIERS 64

Elkarte honen lan ildo nagusiak esnekien sektoreari laguntza teknikoa eskaintzea, esnearen kalitatea bermatzea, merkaturatze prozesua eta azoka eta ekitaldien antolaketa dira. Halaber, Bearn eskualdeko ekoizleei buruzko informazio asko daukate. Elkartearen helburu nagusiak ekoizleak araudi berrira erraz moldatzeko konponbide ekonomiko, administratibo eta tekniko bat eskaintzea eta autokontrol, segimendu teknika eta osasun arloako formazioaren bitartez gaztaren kalitatea bermatzea dira.

BULETINEAN IZENA EMAN

Erabilpen baldintzak *